XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aizan, gidari!

Unai ABARZUZA. MALATXAko gidari

Gizarteak eraikitako estereotipen arabera, alemanak garagardozale tripontziak dira, kataluniarrak diruzale amorratuak eta beltzen zakilen luzera dela eta jai omen dugu besteok edozein neurri-lehiatan.

Haurren burmuinetan inbutuz sartu eta betiko gordetzen ditugun topikoek diotenez, mutilek ez dute negarrik egiten, neskak mutilak baino sentikorragoak dira, polizia gu guztiok zaintzeko dago eta droga deabruak bidalitako zigor maltzurra da.

Soldaduskan gizon egiten zarela dio beste topiko famatu batek, eta beste gezur-konbentzio baten arabera Euskaldunok Espainiak eta Frantziak erromanizatu gabeko biztanle bihurriak omen gara.

Gezur eta ezjakintasun kirats nabaria dute gizarte modernoek darabiltzaten estereotipo gehienek.

Baina badago topiko bat guztiontzat ezaguna eta segurrenik zure institutuko etika klaseko hainbat eztabidatan agertu dena, egia borobila dela esatera ausartzen naizena: emakumeek gaizki gidatzen dutela, oso gaizki gidatzen dutela.

Egia borobiltzat hartzen dudala esaten dut, bai.

Askotan matxista sendaezintzat hartuak izan dira honelako argumentuak erabili ohi dituzten gizonak, eta nik ez dut ukatuko hala ez direnik.

Hala ere, egia-portzentaia altu bat somatzen diot emakumeak gidari txarrak direla dioen esaldi famatuari.

Esplikatuko naiz, baina nere buruan, emakumezkoek zergatik okerrago gidatzen duten asmatzen baino gehiago gizonezkoek emakumezkoek baino hobeto zergatik gidatzen duten asmatzen saiatuko naiz.

Gizonezkoentzat, oro har, eta salbuespenak salbuespen, kotxea maitatzen den objektu eta giza estatus berezia ematen digun tramankulua da.

Independentzia eta autosufizientziarako gailu bihurtua izan da, gozamena, abiadura, askatasunaren sinbolo...

Hori dela eta, gizonezko askok bere kotxea maite dute eta beste gidari guztietan aurreratu beharreko lehiakidea besterik ez dute ikusten.

Horrexegatik gidari onak izatera behartuak daude, beren trebezia agerian eta beren kotxeari zor dioten fideltasuna gorde dadin.

Emakumezkoak, ordea, eta hau guztiz a-zientifikoa den iritzia duzue, ez dute errepideetako lehia hori inondik inora somatzen eta beren kotxeetan leku batetik bestera eramango dituen makina bat besterik ez dute ikusten.

Kotxea modu arrazionalago batez erabiltzen dutela esaten ausartzen naiz, eta ondorioz bost axola zaie hiru, lau edo hamar maniobra egin aparkatzeko garaian, edo Donostiatik Iruñera 40 minututan heltzea, horiek txorakeria hutsak besteak ez dira (gizonkeriak, alegia), eta benetan inporta zaiena leku batetik abiatu eta beste batera heltzea da.

Eta kitto!